
Bestak eta ospakizunak
Hemen, Berroetan ospatzen diren egun garrantzitsuenak aipatzen dira. Baita egun hoietako ohitura batzuk ere.

Urtetxak
Urtearen 1ean, herriko meza eta gero, haurrek urtetxak biltzen dituzte, hau da, haurrek etxeko-andreei kantatzen diete eta trukean, emakumeek giltxaurrak, urrak, gaztain erreak, sagarrak, eta abar ematen diete. Hau tradizioz egiten da eta gaur egun, txutxeriak ere ematen zaizkie.

Iñauteriak
Berroetako iñauteriak, urtarrila-otsaila inguruan izaten dira. Ostiralarekin, afaria izaten da, larunbatean berriz, gazteak mozorraturik etxez-etxe joaten dira puxkak biltzen eta etxe bakoitzean zerbait janez , etxeetako jabeak eskainia. Gauean, afaria egiten da bildutako puxkekin.

Orakunde
Gehienetan larunbatarekin izaten da. Haurrak, goizeko hamarretan biltzen dira etxez-etxe puxkak biltzen joateko. Etxe bakoitzean, andreek zerbait jateko jartzen diete. Eguerdi aldera, bazkaria izaten da eta ondoren jokoak izaten dituzte: aulki-dantza, globoak apurtzera, beste batzuen artean. Hori eta gero, egunaren zati garrantzitsuena iristen da: oilarraren harrapaketa. Bi oilar izaten dira; zaharrendako eta txikiendako, eta hau harrapatzeko begiak zapi batez tapatzen dituzte. Bukatzeko afaria izaten dute.

Aste kulturala
Orain zazpi urte hasi ziren ospakizun hau egiten. 3 egun izaten dira.

Herriko bestak
Mendekosteetan ospatzen dira Berroetako bestak eta ostiraletik astelehenerako iraupena dute. Urteroko egitaraua: astelehenetan suziriak, txopo goratzea, mutildantzak, herri afaria (Baztan zopak) eta gero dantzaldia. Larunbatean, egun guztian zehar haurrendako jokoak, arratsaldean zerbait berezia eta gauean afaria dantzaldiarekin batera. Igandean, meza nagusia gaztelu taldearekin, hamaiketakoa, pilota partidak, arratsaldean zerbait musikarekin eta akitzeko, astelehenetan bizikleta itzulia, mus txapelketa, zikiroa, asto karrera, futbol partida ezkongabeak- ezkonduen aurka, xinger jatea eta gaixoa ni bukatzeko.

San Juan suak
Baztanen, herri guztietan egiten den bezala, Berroetan ere egiten dira. Egun gutxi batzuk lehenago, haurrak sua egiteko gauzak biltzen egoten dira egun horretan sua pizteko eta plaza inguruan jendea saltoka egoteko. Hori eta gero, xingarra egiten da tripa betetzeko!

Baztandarren biltzarra
Baztandarren Biltzarra, Uztailaren 3. igandean egiten den orgen desfilea da. Baztango herri bakoitzak bere orga egiten du eta Elizondoko kaleetatik antzerkiekin eta dantzekin batera erakusten dira. Hori eta gero, bazkari bat egiten da, musika eta dantzarekin alaitua. Puntu gehiago dituzten hiru orgek, saria irabazten dute.

Olentzero eguna
Abenduaren 24ean, Olentzerorekin batera, herri itzulia eta etxez-etxe joaten da. Etxeetan polboroiak, turroia edo beste zerbait ematen dute jateko.

Amabirjin eguna
Larreburun egiten den bazkaria da eta duela urte asko egiten da, izan ere, lehenagoko garaietan, egun hauetan ospatzen ziren herriko bestak.

Urte zahar gaua
Herritarrek elkartean biltzen dira urteari amaiera emateko.