
Berroeta
1842an, Nafarroako Foru Aldundiak Baztan barrena Frantziarako bidearen eraikuntzarako “akziotako enterpresaren” Araudia onartzen duenean, erabakitzen du Berroetatik iragan dadin (Marin -Berroetatik diote zuzen-zuzen) Iruña eta Baionaren arteko bide zaharraren trazaketatik. Ehun metroengatik , bidea ez zen herrian sartuko, baina nolanahi ere, hori izanen zen “errepidea”. Munta gutiagokoa zen “Bidasoatik Gipuzkoako mugetara” zihoaiena eta “Bidaxka” bezala Mugairetik Iruritara joan beharko zena.
Horrek Berroeta bilakatu bide zuen iraganbide maiztatu bat. Hala aditzen
ahal da sekula mila laurden bizilagun ez zituen herri batendako, hiru
ostatuen edukitzea, Jorja Gracia, Martin Habans eta Francisco Arraras.
Izena Berroeta da, baina agertzen da ere Berrueta idazmoldean.
Hala agertzen da 1842ko Nafarroako Hiztegi Geografiko- historikoan ,
Teodoro Ochoa de Aldak erraten duenean “errepidea ferrabidea da,
hagitz erabilia eta gehienetan idi orga doazie”. Berrueta bezala
aipatzen dute Historiako Akademiako eta Madozen hiztegiek, eta berdin
Juan Van Halenek soldaduak, 1818an.
Hunek, herriko ostaturik egin zuen “iragaite lasterra”ren deskribapenean,
exiliorako bidean 1818ko maiatzean, erraten du “aro ederrean eta
Nafarroako zeru urdin alegeran, gelditu ginen Berroetan, gure eguneko
bidea zatikatzen zuen herrixka”. Van Halen soldaduaren egonaldia Besta
Berrian izan bide zen erraten baitu “biztanleen axola zen orduan erlijiozko
prozesio ospatsu bat”.
“Herri hoketako usarioa da” idazten du “halako egunean bazkari baten ospatzea, haundia ez bada ere, bai franko asotsekoa, familiak birradiskidetzen baitira eta liskarrak desagertzen. Ostatua hagitz lanpetua zen prestaketekin, eta jabeak hagitz axolatuak eguneko funtzioarekin, hainbertzeraino non gehiago kosta egin baitzaigu norbaiten bilatzea hari oraindatzeko, zertaz zerbitzatu erdiertsi baino. Handik atera ginen, ikusiz zein guti imitatua zen, zorigaitzez, Espainian Berruetak eskaintzen zuen birradiskidetzeko eredua.”
Berroetako etxe multzoa osatzen dute bi isurpeneko teilatuk eta azken solairuan balkoi luzeko ohizko etxe errektangularrek, hegatz haundiekin. “T” moduko bat egiten du, zutikoa litzatekelarik eliza aldera iraganbidea egiten duten etxeak. Eliza goian dela, herria menpean izanki. Baztango bertze elizak bezala, hau, San Marin Toursekoari dedikatua, erre zuten frantsesek, herria hartu baitzuten 1794eko uztailaren 26an, eta gero birreraikia izan zen. Frantsestada denboran, baztandar aunitzek beren lurratik aldegin behar zuten, eta parrokuek ere harana utzi zuten urte batez. 1900ean, oraino zen hilerria, Almandoz, Arizkun eta Elizondokoak bezala, eliza inguruan.
Baztandar guztiak bezala, biztanleak aitorensemeak ziren sozialki,
XII mendetik bederen. Santxo Jakintsua erregek foruztatu zuen Berroeta 1193an, borrero eta juezaren ezartzeko ahalmenarekin, eta gerrara joateko mugakideek eragina bazen. Ez dager 1268ko “Errediezmo Liburu”an, eta 1427ko “Sutako Liburu”an ondoko Zozaiko lekuarekin agertzen da. 1366 eta 1427ko erroldetan , aitorensemeek beren florinekin Juan II eta Karlos IIaren alde gorteek botatu emaitzei elkartzen direnean, Berroeta (Zozaiarekin) 12tik 21 sutara berretua zen.
XVIII. mendeko estatistiketan agertzen da 25 auzoetxeekin (Berroetan ezartzen ditu Perez de Vilarrealek 25 pareta-ezkutu edo armarri) , 12 egoitza eta 5 pobreetxe, “armategiko jauregirik gabe” . Zozaikoa, berriz, jauregia zen, errolda zenbaitetan agertzen baita. 1677an izan zen auzi sonatu bat Baztanen Juan Antonio de Eslavarekin, Zozaiako jauregiko jabea baitzen, “Zozaiako jauna” izendatzen baitzuen bere burua, eta handik harat “…jauna , berea baita halako jauregia…” eta ez aipatu jauregia zegoen herrikoa.
Historian barreran, auzokideak aziendaz bizi izan dira (1925 artio artilea saltzen zen), eta labrantzaz, ikatzaz eta zur eta egurren salmentaz, emigrazioa azkarki garatua izan da hemen ere. XIX. Mendearen hasieran bi irin errota baziren eta 1850ean “diru-iturri bermerik gabeko” eskola bat. Irindegia akzioneka ari zen eta ur eskas baitzen, Berroetako herriak, Anitz eta Zigakoak bezala bere errotak egin zuen Marin errekan , ur gehiagokoa baitzen. Auzokideak, aniztarrekin batean, Errotaldekoaz baliatzen ziren , Francisco Legarreta errotari zela, eta Zigakoek pixkat behertixeago zuten berea, Sabatenan bizi zen Juan Agirre errotaria izanik.
Berroetan jaio zen Marin Luis Etxeberria, brigadier karlista famatua, gertakari historikoa baten protagonista. Baztango alkatea izan zen eta gerrako kapitaina, eta Ezpoz Minak bere ama atxilotu zuen, Iruñako gartzeletan giltzapetu eta 14.000 dukat erreskaterako eskatu. Berroetakoak ezetz erran eta hantxe gelditu emazteki gaixoa, manua utzi eta gero.
Herriko eskulangile batek, Jose Rementegik, 1948 egin zuen iturri bat hondoan armarri motibu bat tailatua duelarik, atautxi-amatxi, eri, haur eta gazteendako herriak egin zuen plazan eta lorategian, gaur egin biltoki eta atsedenlekua den bezala.
Biztanleriari dagokionez, erraten ahal dugu, Baztanen, 7974 biztanle bizi direla,
eta hauetatik 135 Berroetarrak direla.
Biztanleriaren banaketari dagokionez, gehienak, herriko karriketan bizi dira, eta
gainontzeko gutxi batzuk, inguruko baserrietan.
Betidanik, bertako sektore nagusia, lehenengo sektorea izan da. Gaur egun ere,
Berroetako, eta baita Baztango sektore nagusiena, lehenengo da, eta hortaz erran
dezakegu, bertan nekazaritza eta abeltzaintza dela gehien ikusten dena.
Nekazaritzari dagokionez, baratze propioak dira gehienbat, ez baitira anitz, baretzeko
produktuak salduz bizi direnak. Abeltzaintzari dagokionez, ardiak, zerriak eta behaik
dira gehienbat ikusten ahal ditugunak, hauek baitira bertako klimari hobekien egokitzen
direnak.
Historia


